XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

DENA BARTA BASUSARRIKO Mundu hontan, asko tokitan ikusten den bezala: auzoak, gauza bat baldin badu, nik ere berehala, gauza bera behar dut, eta ahalaz gehiago....

Baionako hiriari, bere bihotzaren erditik, bi ibai eder pasatzen zaizkio: Aturri eta Errobi errekak....

Miarritzeko hiria aldiz, sahets batetik, ongi bustia eta bestetik ongi berotua: urte guzian, itsasoa eta iguzkia bere bi lagunen artean, goxoki bizi dela dirudi.

Baina Miarritzek bere herritarretaz arta handiagoa hartzeko eta, kanpotiarrak ontsa errezebitzeko, erreka bat, ibai eder bat behar duela, jakin arazi du: hiri erdian freskotasun, ur bizi, zubi, txalupatxo, eta arrantzaleak gauza pollit eta atsegingarriak direla.

Miarritzek horiek guziak behar ditu.

Zer egin? Nola jokatu? Eskualde hortan, hirugarren ibairik ez izanez, bi dituenari bat hartu behar du.

Miarritzek, Baionari Errobi erreka ttikiena hartuko diola erabaki du.

Hortarako, Milafrangatik haste, Errobiren bidea bihurtu, makurtu nahi du, Brindos-eko aintziratik, Negressearaino, Negresseatik Mouriscot aintzira eta Ilbarritzen gaindi itsasora... Hori da xedea.

Baionako hiriak, ohidura den bezala, bere ahizpa xarmantari, artean zerbait eskaini beharrean, nahi edo nahi ez, ideia hori onartu izan behar du.

Errobi bere ibai ttipi eta maiteena galdu beharko du!....